2018/05/08

Udan ere Praktikatu eta Bizi

Dagoeneko zabalik dago udako mintzataldeetan apuntatzeko epea.

Ikasturtea amaitzearekin batera, talde batzuk desagertu egiten dira; beste batzuk, aldiz, partaide berriak hartu eta birsortu egiten dira. Horietakoren batean parte hartu nahi baduzu, zure herriko euskaltegian izena eman edo bete fitxa hau.
...eta guztia DOHAINIK  

Izena emateko azken eguna: ekainaren 15a

2018/02/08

Sei txango KIROLA ETA NATURA egitasmoaren barruan

http://kirolaetanatura.blogspot.com.es

Kirola eta Natura egitasmoa abiatu du AEKren Praktikatu zerbitzuak. Zikloa osatuko duten sei txangoak Praktikaturen ohiko eskaintza osatzera datoz. Orain arte Mendilagunak, Berbabentura eta Barnetegi Ibiltariei esker mendi irteerak, eskalada, orientazio ikastaroak, arroila jaitsierak... euskaraz burutu badira ere, sei txango hauek kirola, natura eta euskarazko kultur eskaintzaren konbinazioa izan nahi dute. Helburua da Euskal Herriko kultura eta parajeak euskaraz ezagutzea, eta egun atsegin bat igarotzea natura errespetatzen ikasiz.

Lehenengo irteera Mairuelegorretako kobazulora izango da, otsailaren 24an, ibilaldiaren ostean bertan Igor Arzuagaren kontzertu akustikoa entzuteko. Ondoren etorriko dira Itxinako zeharkaldia bertsolariekin, martxoaren 24an; orientazio ikastaroa Zugaztietan, apirilaren 21ean; arroila jaitsiera Aguake ur jauzian, maiatzaren 19an; orientazio ikastaroa Pagoetan eta bisitaldia Agorregi burdinolara, ekainaren 2an; eta Urdaibaiko kayak zeharkaldia eta Bird Center-era bisitaldia, ekainaren 16an.

Irteeretan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea. Partaide guztiek jasoko dute opari, txangoa abiatzean, motxila txiki bat eta eguneko jatordua. Halaber, aditu taldeak izango dira beti bidean laguntzeko.

Informazioa eta izena ematea


2018/01/10

Mintzapraktika programak antolatu nahi dituzu?

PRAKTIKATU-AEKn 2005etik daramagu hainbat gune soziolinguistikotan euskarazko harreman-sareak sortzen eta ekintza-planak sustatzen eta koordinatzen. Esaterako:
Mintzataldeak 5-6 laguneko taldeak izaten dira; horiek osatzeko, kontuan hartzen ditugu parte-hartzaileen disponibilitatea, adina eta zaletasunak. Mintzataldeak bildu ahal dira kafetegian, tabernan, edo paseoan ibiltzeko... parte-hartzaileek erabakitzen dute non eta noiz, beti lagun-giroan.
Gurasolagun Familientzako mintzataldeak dira; jolasak, txangoak eta tailerrak egiten ditugu, helduak eta haurrak batera aritzeko. Hainbat familia batzen direnez, aukera aproposa ere bada lagun gehiago egiteko. Asteburu-pasak ere antolatzen ditugu, urtean bitan gutxienez.
Ekintza osagarriak Gure ekintza osagarrien bidez, hainbat aukera topatuko dituzu euskal kultura ezagutu eta euskara praktikatzeko. Besteak beste: mendilagun, irakurzale-klubak, sukaldaritza, eskulanak, yoga edo dantza-tailerrak, kantulagunak, barnetegi ibiltariak...
Mintzodromoak Mintzodromoak herriko plazan edo leku esanguratsuetan antolatzen ditugu, eta aukera ezin hobeak dira inguruko euskaltzaleak batzeko.
MINTZAPRAKTIKA PROGRAMAK ANTOLATU NAHI DITUZU?
Zure herrian, auzoan, elkartean edota lantokian mintzapraktika programak abiatu nahi badituzu, jarri gurekin harremanetan eta elkarlanean egingo dugu.



PRAKTIKATU 
- Mintzapraktika egitasmoak 
Txakur kalea 1, 4 • 48.005 BILBO  
Telefonoa: 618.574.466
Helbide elektronikoa: praktikatu@aek.eus
Facebook: Praktikatu
Twitter: @praktikatu